Txostenaren aurkezpena
1. Metodologia
1.1. Norberaren autonomiari eta mendetasunari buruz Estatu, autonomia eta foru esparruetan indarrean dagoen lege gorputzaren eta zenbait agiri espezializaturen azterketa
5.4. Arazoak etxeko laguntza-zerbitzuarekin (ELZ)
Etxeko laguntza-zerbitzuarekin lotuta, Arabako biztanleriaren zenbait kexa erregistratu ditugu, arretaren kalitatearekin, egin behar ziren lanekin edo zerbitzu hori ematen zuen profesionalaren egokitasunarekin zerikusia zutenak. Espediente horiek modu egokian konpondu dira, Arabako Foru Aldundiko langile arduradunarekin harremanetan jartzean. Gauza da gertakari mota horiek lehen administrazioak berak konpontzen zituela, etxeko laguntza zerbitzuei jarraipena egiteko eta kontrolatzeko programa bat baitzuen. Erregistratutako kexek argi adierazten dute beharrezkoa dela horrelako programa bat berreskuratzea.
Beste espediente batzuetan, Arabako Foru Aldundiak kontratutako enpresetako langileek etxeko laguntza-zerbitzuak betetzean egindako zenbait akatsen berri ematen zitzaigun. Arazo horiek behar bezala konpondu ziren, eta berriz ere, lagungarriak izan ziren agerian jartzeko komenigarria izango litzatekeela, nolabait, foru-administrazioa egiten ari zen ELZ programak jarraitzeko lanak berriz hastea, hobe zitezkeen alderdiak erregistratzeko aukera ematen baitzuten, eta horren ondorioz, programak behar bezala egokitzeko aukera ere.
Halaber, AMALen pixkanakako aplikazioari jarraiki oraindik eskubide eraginkorra ez zuten zenbait pertsonek kexak bidali dizkigute, ELZ emateko eskaeraren aurrean jasotako erantzunagatik. Kasu horietan, zerbitzua eskuratzeko eskubidea aitortzen zitzaien, baina baliabideak berriz esleitzeko programan sartzea erabakitzeko puntuazio bat ematen zitzaien, zerbitzu hori eman arte. Ustezko kasu horrek ere telelaguntzako zerbitzuan izandako tratamendu bera jaso du.
Erakunde honek urtero argitaratutako txostenetan, idatziz jaso dugu zerbitzu horrek garapen desberdina izan duela zenbait euskal udalerritan lortutako arreta-mailei, eskuratze-baldintzei, kalitateari eta abarri dagokienez.
Araudi komun bat ez izateak lurraldeen artean desorekak egotea eragin du. Desoreka horiek gainditzeak 12/2008 Legearen, abenduaren 5ekoaren, gizarte zerbitzuei buruzkoaren, garapena eta ezarpena gidatu beharko du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak esparru-hitzarmen bat sinatu zuen 2005. urtean bere lurraldeko udalekin, zerbitzu hori emateko zenbait irizpide berdin zehazteko. Lurralde horretako egoera nabarmen hobetu da.
Hala ere, Gipuzkoako udalerriren batean ez da jarraitu hitzarmenak adierazitako jarraibidea, zerbitzua emateko moduari dagokienez. Hala, udalak zerbitzuaren ematea bere gain hartu ordez, zuzenean edo zeharka, onuradunari diru-laguntza bat ematea erabaki zen, onuradunak berak egin zezan kontratazioa. Zerbitzua emateko modu hori, Bizkaiko udalerriren batean ere erregistratu zena, ez zen egokia, onuradunak etxeko laguntzailea bilatzearen eta kontratatzearen ardura osoa bere gain hartu behar baitzuen; gizarte zerbitzuek esleitutako lanekin bat zerbitzua egiten zela kontrolatzea zaila baitzen edo kontratatutako pertsonak arreta pertsonalerako behar zen prestakuntza espezifikoa ez izateko arriskua baitzegoen. Gainera, sistema horrek familiari uzten zion ordezkatzeko lana zerbitzua eman ohi zuen pertsona ez zegoen egoeretan (oporrak edo gaixotasuna).